2009-12-30

Lituania


Iazko udan Londresetik pasatuta Lituaniarantz abiatu nintzen.
Ideia orokorra zen Baltikoko estatu guztiak zeharkatzea Finlandiaraino heltzeko asmoz, eta hortik etxera itzultzea.

Beraz, hegaldi merke bat hartuta, Kaunas deitutako hiri lituaniarrera iritsi nintzen arrastiri batean.

Couchsurfing-en bidez dohainik ostatatuko ninduen neska bat aurkitu nuen Kaunasen.
Hegazkina lurreratzen hasi zenean jadanik eguzkia mendien atzealdean izkutatzen ari zenez, ezin izan nuen ingurunetik askorik ikusi, baina nabari zen landaretza berdea muino tippi batzuen gainean eta porlanezko etxebizitzen bloke erraldoi asko, paisaia nagusitzen zutelarik. Hau kontrastea!
Oro har, irudia ez zen itsusia.

Hurrengo egunean begietsi ahal izan nuen hiriaren edertasuna.
Egun eguzkitsu hartan Kaunasen kale garbietan eta parke lasaietan paseatuz gozatu nintzen.
Benetako harridura hartu nuen bai, ez nuen espero Lituania hain gustoko izatea.
Oso prentsa txarra izan zuela garai batean dakigula, harritzekoa da hain herri polita eta txukuna aurkitzea.

Egia da Europar Batasunaren laguntza dela eta izugarrizko gorakada egin duela herri honek, eta hala eta guztiz ere dauden estaturik txiroenetariko bat izaten jarraitzen du.
Azkenaldi honetan, espainiar estatuarekin batera, Lituania izan da krisialdi ekonomikoak gehien kaltetu duena.


Lituanian bi hiri nagusi daude: Kaunas eta Vilnius, hiriburua dena.

Kaunasek nolabait Baltikoko antz handiagoa dauka, Vilniusek baino.
Lituaniaren erdialdean, bi ibairen (bata arra eta bestea emea) lotunean kokatuta, eraikin historiko asko dauka, eta Erdi Aroko erdigunea.

19. mendean jada agertu zen Kaunasen bertan mugimendu subiranista indartsuena, kultura, hizkuntza eta tradizio lituaniarrak babestu eta aldarrikatu nahi dituena.


Errusiaren menpe mantendu ziren luzaro, SESBen barruan gero, baina estatu independente bat izatearen nahiak ez ziren atertu.
20. mendearen bigarren erdian Kaunasen bereziki isiotu zen berriz asmo honen borroka. Printzipioz, herri honetan oso bakezalea izan zen borroka hau, unibertsitateko ikasleek bultzatuta, batez ere.
Adituek diotenez, Lituanian inon baino bortizkien amatatu nahi zituzten mugimendu hauek agintari errusiarrek. Tamalez, gazte anitz hil ziren protestetan.

Lituaniako alderdi sozialista izan zen SESBen independentziaren alde jarri zen alderdi sozialista bakarra, eta horrek asko lagundu zion mugimenduari.

Bestalde, Lituaniako populazio homogeneagoa zenez, ez zen nazionalitateen arteko lehiarik agertu.
Independentzia lortu zuen Lituaniak Baltikoko beste bi estatuek baino lehen, 90. hamarkadan.


Kultura lituaniarraren harira, Kaunasen guztiz gomendagarria den musika tresnen museo bat dago. Han aurkitu nituen musika tresna tradizional interesgarriak, behean (argazkietan) komentatuko ditudanak (begiratu hemen ere).


Kaunasen ere aipagarriak diren beste bi eraikin daude:

Perkunas Etxea estilo gotikoko merkatari hanseatikoen egoitza izan ohi zen.
Han aurkitu zuten Perkunas jainko baltikoarraren estatuatxo bat, eta hortaz ikerlariek tenplu paganoa zela suposatzen zuten.


Erdi Aroko gaztelua, parke batek inguratuta, jatorrian lituaniarrek eraikita, baina zaldun teutoniko alemaniarrek menderatu zuten, jentilen aurkako gurutzadan.


Nahiz eta Lituania historian zehar nahiko homogenea izan, alemaniarrek (Baltikoko kostalde osoan bezala), zein poloniarrek nolanahiko eragina izan dute.

Izan ere, Lituania eta Poloniaren arteko konfederazio bat garai batean osatu zutenaren gainera, Vilnius ere (bere kabuz) Polonian egon da tarteka.
Vilniusen oso nabari daude mailegu horiek, poloniarrak nahiz europar erdialdekoak.
Oso hiri argia eta zuria dirudi, barroko eta neoklasikoa.

Igo daitezen muino batzuk daude, batetik Vilnius osoa ikusten da.
Goitik ematen du baso baten barruan daudela etxe guztiak, hain zuhaitz kopuru handia dauka eta.
Hor ere badago, hiria inguratzen duen muino baten gainean, telebista antena-dorre bat, non soldadu errusiarrak sartu ziren eta zibil asko bahitu eta hil egin zituzten independentzia lortu zen baino apur bat lehenago.

Izan ohi zen auzune militarrean (barrakoiak eta guzti), SESBen garaian, gaur egun eraikin teknologikoak eta empresarialak hazitzen ari dira, hiriburuan daudenik modernoenak (Parisko La Defense moduan).

Erdigune zaharra historikoa den heinean duela gutxi zaharberritu izan da eta bazter askotako turistak erakartzen ditu.
Ibai baten beste aldean auzune alternatiboa eta anarkista kokatzen da, "Uzupio" errepublika deritzona, non artista eta bohemio asko bizi diren.

Museo on asko ere dauka Vilniusek, esperotzekoa den bezala, hiriburua izaki.
Horien artean aipatzekoa da Etnologikoa, non Lituaniako antzinako tribu ezberdinei buruz ikasi nuen. Tribu horiek (samogitiarrak, yotvingiarrak, etb.) dialekto baltikoarrak hitz egiten zutenak, denboraren poderioz nazio lituaniarra osatu zuten bateratuta.


Hizkuntzari dagokiona, indo-europearra da, arkaikoenetariko bat, hau da, hizkuntz indoeuropear orijinaletik ezaugarri gehien mantendu duena, antzinako godoera eta sanskritoarekin asko partekatzen duena.
Letoniera da lituanieratik hurbilen dagoena, hauek biak indoeuropear baltikoarren adarraren egunera arte iritsi zaizkigun azkenak direla.

Herriaren izena lituanieraz, Lietuva, agian euria hitzarekin lotuta dago, "lietus".
Orri batean hitz berezi pilo bat idatzi nituen bidaituz nindoanean, baina oraintxe bertan ezin dut aurkitu, beraz, aurkituko dudanean ipiniko ditut.
Momentuz dakidala, "gintaras" politatzat jotzen dut, "anbar" (kostaldean nonahi topa daiteke) esan nahi duena. "Meile", maitasuna, ere bai.


Kuriositate hutsen arloan, Europako erdialdeko puntu geografikoa Lituanian omen dago, arraroa irudi arren.

Azkenean, aitortu behar dut emakume eta neska gehienak ederrak direla Lituanian! :)



Argazkiak eta oharrak:


Kaunaseko plaza eta iturri bat




Kaunaseko zumarkalea, eliza ortodoxo bat aurrean.




Kaunasen dagoen Merkurijus merkatal zentru famatua.
SESBen garaian han filmatu ohi zuten konfederazioaren oparotasuna erakusteko.





Kaunaseko eliza ortodoxoren bat.



Kaunaseko kale komertzial bat.



Independentziaren alde borrokatzen hil zituzten gazteen oroimeneko monumentua (Kaunas).



Monumentuaren gurutze baltikoar bat (Kaunas).



Kapitalismoa eta merkatu tradizionala, biak batera (Kaunas).




Alde historikoaren kale bat (Kaunas)




Lituaniako "klarinete" adardun batzuk (birbyne).



Beste birbyne batzuk.



Lituaniako xirolarruak (birbyne modukoak, mihi bakarrekoak).




Ozragis izeneko adarrak.




"Klarineteak" (birbyne) eta "albokeak" (ragelis).




Zuhaitzen azalez egindako turuta ("ragai", Euskal Herrian zunprina deituta)





Kainaberazko mihi bakarreko musika tresna anitza.




Zunprinak ("ragai" eta "daudytes").



Txirula batzuk ("lamzdeliai").




Albokeak ("ragelis").



"Kankles" izeneko harpa bat.
Baltiko osotik hedatuta dago, Letonian "kokle", Finlandian "kantele" deitzen da eta Estonian "kannel".

Altzoan jarrita jotzen da, eta harien kopurua ez da finkoa.




Beste "kankles" bat.



Beste "kankles" bat.




Beste "kankles" bat.




Beste "kankles" bat.




Kaunaseko beste eliza bat eta erdiguneko plaza.



Kaunaseko beste eliza bat ere eta erdiguneko plaza.




Kaunaseko gaztelua.




Kaunaseko gaztelua eta harresiak.





Kaunaseko gaztelua.



Ibaialdea eta kaia (Kaunas).




Ibaialdean dagoen eliza bat (Kaunas).




Kaunasen ikuspegi bat muino batetik.




Perkunas Etxea (Kaunas).



Vilniusen ikuspegia.





Tipula tankera duen kupulako eliza ortodoxo errusiarra (Vilnius).



Vilniuseko alde historikoa. Gloriaren ataria.



Lituaniako filarmonikaren egoitza (Vilnius).



Udaletxearen plaza (Vilnius).




Udaletxea (Vilnius).




Katedralaren dorrea (Vilnius).



Vilniuseko katedrala.



Vilniuseko alde teknologikoa.



Vilniusen ikuspegi bat eta parkea.




Vilniuseko antzokia.




Uzupio auzoaren sarrera (Vilnius).




Uzupion dagoen aingeruaren zutabe ospetsua (Vilnius).



Museo Etnologikoa. Lituaniko tribu zaharren janzkerak (Vilnius).




Museo Etnologikoa. Lituaniko tribu zaharren janzkerak (Vilnius).




Museo Etnologikoa. Lituaniko tribu zaharren janzkerak (Vilnius).

No comments: