2010-01-10

Estonia



Rigatik Tallinnerako arratsaldeko azken autobusa galdu nuenez, biharamunean goizeko bat hartu behar izan nuen, eta hortaz ordu batzuk baino ezin izan nituen Estonian igaro.

Autobusean nindoala, paisaian zenbait aldaketaz ohartu nintzen: lehen aldiz itsasotik gertu bidaiatzen ari nintzen, eta tartean, zelaietan eta basoetan Finlandiaren antza igarri nuen nonbait, herri baten eta bestearen kulturen parekotasuna natura aldatzeko gai izango bailitzan.
Finlandian bezala, Estonian ere, lakuek garrantzia daukate (hots, Peipsi lakua) eta irlek euren ekarpena egiten diote herriari.


Lautada neurrigaitz batean zabaltzen dira Tallinn eta bere aldiriak.
Iparreko kostaldean bertan kokaturik dago, Helsinkiren aurrean, hain zuzen ere.
Tallinneko portua erdigune historikoaren ondoan dago, handik ia orduro irteten dira Helsinkirainoko ferriak.
Tallinnetik itsasontziz doi-doi 2 ordu dirau Helsinkirako bidaia.

Hain da zabala Tallinn, ezen urrun dagoen autobus geltokitik oinez ordu bat gutxi eman nuen portura heldu arte.

Pisu handiko motxila portuko terminalaren armairu batean giltzapean laga ostean, Erdi Aroko hirigunerantz laster abiatu nintzen.

Laburra izanagatik, Tallinnen bisitak benetan merezi izan zuen.
Izan ere, Lituania bere osotasunean gehiago maite nuen arren, agian Tallinn izan nuen Baltikoko hiririk gustokoena.

Aipatu dudan bezala, Tallineko erdigunea Erdi Arotik datorkigu, eta hori ageri dago eraikin askotan (dorreak, harresiak, gazteluak, merkatarien etxeak, etb.).
Tallin ere, alemaniarren Liga Hanseatikoaren parte izan zen, "Reval" izenpean.

Aurki daitezke zenbait txoko izkutu bare, bere karrika estuetatik barreiaturik, orokorrean erdiko plaza, merkatuak eta kafetegiak turistaz beteta egon arren.
Ni estimu handiz oroitzen naizen denda bitxi batzuekin topatu nintzen, alegia, musika tresna exotikoen bat eta liburu zaharrena beste bat.



Herriari begira, Estonia hiru Baltikoko estaturik aberatsena omen da, baina horrek ez du saihestu nazionalitateen arteko gatazka sortzea, Letoniaren moduan.

Gaur egun, populazioa horrela banatzen da: %70 estoniarrak dira, %25 errusiarrak.

Letonian egin zuten legez, herritasuna lortzeko arauak ipini zizkieten Errusiatik etorritako ondorengoei. Baldintza zorrotzen barne derrigorrezko hizkuntza froga bat dago; hau da, estonieraz adierazteko eta ulertzeko gaitasuna gutxiengo batera heldu behar da. Bertako hizkuntza finikoa denez, ez zaie indoeuropearrei batere erraza.

Egia da Letonian zein Estonian giza-eskubideen aldeko taldeek halako ekintzak salatzen dituztela, baina zorte gutxiarekin.


Hala eta guztiz ere, nik dakidala, Estonian bertakotzeko prozesua arrakastatsuagoa izan da.

Antza denez, errusiarrak hobeto integratu dira Estoniako kulturan, Letoniakoan baino. Zergatia Estoniako mundu eskandinabiarraren loturetan eta aparteko hizkuntzan (ez indoeuropearra) ei datza, errusiarren enbor eslabiarretik aldentzen den heinean preziatuago bide deritzote kultura berezi horri.

Salbuespenak badaude: mugan dagoen Narva hirian gehienak errusiarrak dira eta hango usadio errusiarrak mantentzeko asmoa daukate.



Historia apur bat.
Tazitu historiatzaile erromatarrak jada Aestii tribuaren aipua egin zuen egungo kokapenean.
Geroagoa, alemaniarrek Baltikoko kostalde osoa konkistatu bazuten ere, daniarrek Estoniako zati bat kendu zieten iparrean, Estonia dukerria.
Daniarren menpetasuna luzaroa ez izan arren, Tallinni eman zion izena: "Tann linna"k gaztelu daniarra esan nahi du.

Herri estoniarraren matxinadak gorabehera, Alemaniako inperioak gogor heldu zuen, osoro jausi arte.
Hegoaldeko lurra Polonia-Lituaniaren pean erortzen den bitartean, iparra Suediari zegokion, Finlandia bezala.
Adituen esanetan, Suediarena aro aurreratzaile eta onuragarria izan zen Estoniarentzat, eta oroitzapen onez gordetzen dute.

Hortik aurrera Estoniak Letonia eta Lituaniaren ibilbide bertsuari jarraitu zion: Errusia Imperialak menderatu zuen lehen, gero independentzia aldarrikatu zuen 20. mendean lehen aldiz, eta azkenean nazien eta sobietarren auziaren emaitza SESBen barruan geratzea izan zen.


Aurreko blog-sarreretan ez dut hitz egin independentziaren bidean egin zituzten ekintzez, hiru estatuetan. Orain ariko naiz horretan.

Egin zituztenen artean, deigarrienak eta sona handienak bi izan ziren:

Kantaldi anitz sortu ziren hiru herrietan zehar. Independentziaren aldekoak, kantaldietan berezko hizkuntza eta tradizioa bultzatzen baitziren.
Abestutako Iraultza ezizena lortu zen horregatik.


"Gizakatea" eginez, nere aburuz, benetako etsenplua eskainio zioten baltikoarrek munduari.
Azalduko dut.
1989ko abuztuan milioi bat eta erdi gizon-emakume kalera irten ziren eta eskuak heldurik sekulako katea osatu zuten Lituaniatik Estoniaraino, Letoniatik pasatuta, inoiz jazo ez zen une bakezale eta iraultzaile historikoan, giro jaitsuan.
Handik bi urtera independentzia osoa erdietsi zuten.

Etorkizunerako aintzat hartu behar da. Mantendu gogoan.



Estoniako pentsamoldeari buruz, irakurri nuen hain herri txikia denez, estoniarrak zenbait gauza egiteko atzerrirantz jotzeko ohituta daudela.
Gainera, hizkuntza asko ere dakizkite (estoniera, finlandiera, suediera, errusiera, ingelesa...).




2001ean proposatutako bandera berria, eskandinabiar erara.
Erakutsi zuen politikoak esan zuen hiru koloreko marrakoak post-sobietikoa dirudi.
Ikasi dugunez, estoniarrak eskandinabiarrengandik hurbilago sentitzen dira, baltikoarrengandik baino; daniarrek fundatu zuten Tallinn, Suediaren parte ere izan ziren, eta finlandiera (finesera edo suomiera) bere hizkuntz arreba da.

Eta horretan datza bere berezitasuna, beste bietatik urruntzen duena.


Egia esanez, estoniera eta finesera hizkuntzak ikaragarri gertu daude, beren-beregiko multzo bat eratzen dutela, auzoko beste hizkuntz ttippiekin (ingriera, votera, vepsera eta kareliera).
Lituaniera eta letonierarekin gertatzen zenaren moduan, estonieraren hitzak fineserenak baino laburragoak dira, eta aldaketa fonetiko gehiago jasan dituzte (hala nola, bokalez arteko soinu herskari ahoskabeak, -t-, ahostun bilakatzen dira, -d-: fin. satama, portua, est. sadam). Aipagarria da estonierak bokal sudurkariak dauzkala (eta fineserak ez).



Hona hemen irudiak:


Autobusetik ikusitako lautadak.





Autobusetik ikusitako landak eta basoak
Ahate bat ote dago hor zelai erdian??





Tallinneko erdigunerako sarreraren atetzarra eta harresi-dorreak.




Eliza ortodoxo errusiar bat.
Estoniarrak, eskandinabiarrak bezala luteranoak dira.





Antzinako hileta estoniarra (museo etnologikoa).




Eskutitz eder bat zirilikoaz eta errusieraz idatzita (museo etnologikoan).




Erdi Aroko merkatarien egoitzaren atea.




Tallinneko erdigunea portutik ikusita.





Erdi Aroko dorre bat.





Erdiguneko kale bat.



Eliza ortodoxoa "Pika Jala" (Hanka luzea) izeneko jatetxearen ondoan.




"Pika Jala"ren bota tankerako hodia.




Beste dorre erdi arokoa.






Dragoi baten buru tankerako hodia harresietan.




Hansaren salmenta-postu bat turistentzat.
Alemaniar asko Letoniara eta Estoniara datoz euren sustraien bila.





Harresiak eta merkatua.




Beste sarrera erdigunerako.


Aski xelebre, pintaketa sardiniar bat Tallinnen!

1 comment:

merike said...

I have only visited Tallinn twice. Once before and once after the independence (new independence). You travel all the time;) I'd love to know what Helsinkirako means;) Rako in Finnish is a crack. Have a great time in Albania. See you in Helsinki!