2011-01-11

Hiru Irlandak


Hona hemen Irlanda irlaren zatiketak dakarren erakusgarria.
"Utzi pasatzen" (eman bidea) trafiko seinale honek Irlandaren egoera ordezkatzen du.

Baina ez okertu, nolabaiteko fikziozko hiru Irlanda hauek Irlanda bakar baten isla dira, Patrizio santuak hirusta landarez baliatuz hirutasun santua azaldu zuen moduan, irudi hauek desberdintasunak azpimarratzeko asmoa daukate.

Argazkiak Derry, Kilronan eta Galway (Doire, Cill Rónáin eta Gaillimh, irlanderaz) hirietan, hurrenez hurren, hartuak dira.



Alde batetik, Irlandako Errepublikan ingelesezko hautuak (YIELD) Erresuma Batuko ohikoarenetik (GIVE WAY) urruntzekoa da, zergatia ez dakit, historikoa omen da.

Seinalearen beheko testua, txikiagoa, gehigarria besterik ez da, normalean Yield bakarrik dago ageri, "amore eman" esan nahi duena.

Ipar Irlandan aitzitik, britainiar aginpean, seinale guztietan Give Way (eman bidea) ikusgai dago.

Beste aldetik, Irlanda irla eremu administratibotan ez ezik, linguistikotan ere dago banatuta.

Badakigu Erresuma Batuak Hegoa eta Iparra banatzera behartu zituela, baina beste zatiketa honek irlaren Mendebala eta Ekialdea aldentzen ditu eta, are txarrago, irlandarrek beraiek inposatu zuten.

Nafarroako eredua gogoarazten diguna, eremu linguistikotan mugatuta dago Errepublika, eta irlanderak zati txiki batean bakarrik "babes berezia" merezi du:

Gaeltacht deritzonean, berezko hizkuntzak bizirik mantendu duelako lurraldean.

Independentzia lortu ondoren, irlandera lehenengo hizkuntz izendatzea ekimen aitzindaria izan zen, bere garaian, hala ere egun motz geratu dira harrezkero egin zirenak.
Irlanderaren egoera egundoko porrota da, hizkuntz gutxituen arteko adibiderik ezagunena.

Lehentasuna ez zioten eman, edo ez zioten eman nahi, berezko hizkuntza berreskutzeari, errepublikaren independentzia baino bi mende lehenago ingelesez Dublinen soilik mintzatzen zela jakinda ere.

Antza denez, Ipar Irlandako iraultzaileek argiago zeukaten hizkuntzak nazioaren osatzean ardazko eginkizuna zeukala, Ulsterreko irlandera Erresuma Batuaren barruan dagoen herrialdean jada galduta zegoen arren.
Beste kontu batzuetan gaindi, ofizialtasunak ez duela normalizazioaren bidean zeharo laguntzen zalantzarik gabe erakutsi du Irlandako etsenpluak.
Burujabetzak ekonomian eta ongizate orokorrean aurrerapenak ekarri ei zituen, hizkuntzan, ordea, ez: 20.en mendearen hasieran irlandera leku gehiagoetan hitz egiten zen.


Praktikan, arlo publikoko lanpostua lortzeko ezagutza erakustea Gaeltachten baino ez da beharrezkoa, nahiz eta Errepublika osoan unibertsitatean sartu aurretik derrigorrezko proba egin behar.
Proba horretarako ahalegin handiak ematen dituztela ikasle irlandarrek entzunda daukat, eta ez dute probetxuzko ezer lortzen, zeren eguneroko bizitzan (Gaeltachtetik kanpo) ez baitago hizkuntza erabiltzeko eremurik.


Gaelikoen Irlanda, egiazkoa beharbada?

Irlandan bi alditan egon naiz.
Batean, Ingalaterrako Bath hirian Erasmusen ikasten ari nintzela, bidaia labur bat egin nuen, Dublinetik Corkera, handik Killarneyra, Adarera eta Limerickera azkenik.
Irlaren hegoaldeko erdia, esan daiteke (zoritxarrez, Kerry eta Dingle bisitatzeko astirik ez nuen izan).

Bestean, luzeagoa izan zena, ipar osoko itsasertzetik bidaiatzea neukan asmoa.
Beraz, Dublinetik iparralderantz abiatu nintzen (Drogheda, Belfast) gero mendebaldera (Derry, Donegal, Sligo, Westport), ondoren Connemarara eta Aran irletara eta hurrengo Galwayera.

Belfasten hiriaren alde "katolikoan" eskola batean irlandera irakasten zuen gizon batekin egoteko aukera izan nuen.

Donegal konderrian zein Connemaran irlanderaren erabilera hedatua nabaritu nuen; tokiko autobusetan, pub galduetan etb. irlandera zen eguneroko mintzaira.
Izan ere, ferryari itxaroten orduak eta orduak eman nituen taberna batean geundenon artean neuk bakarrik erabiltzen nuen ingelesa haiekin komunikatzeko.

Itsasontzia hartuta, Aran irletara ailegatu nintzen, Irlandako leku irlandarrenetarikoak, agian.

Han egon nintzen ostatuaren jabearen senide batek epailea nahi izan zuen.
Hori dela eta, irletara joan zen egonaldi bat han pasatzera, bere irlandera hobetzera.
Natural deritzot nik hango jendeekin lan egingo duen batek euren eguneroko hizkuntza ondo ulertzeko zeukan intentzioari.

Euskal Herrian, nik dakidala, epailea izateko euskararen betebeharrik oraindik ez dago, ezta Gipuzkoa sakonean ere, tamalez.
Irlandakoa aurrerapen txikia ote?



Laburbilduz, kontuan izan behar dugu ofizialtasunak ezer gutxirako balio izan zuela irlanderaren kasuan, gizarte-borondaterik ezean.
Inperialismoak giharra erakutsi du eta ingelesak garaitu du partida.

Non datza ardura? Nori lepora genezaioke errua?
Orobat, zeukaten helmuga irla osora zabaltzea ez zela izan daiteke.


Dena dela, norantz jo nahi dugun jakin behar da eta, hizkuntzaren sustatze eta bultzatze-prozesuan, harantz abiatu.

No comments: