2010-08-30

EHn jira-biraka

Ibilbidea bukatzerakoan, Euskal Herria uste nuen baino askoz handiagoa zela izan zen ageri-agerian azaldu zitzaidan lehen hausnarketa.
Aitortu behar dut Nafarroan bazeudela (badaude) leku interesgarri pilo bat ezagutzen ez nituenak.


Baina has gaitezen kontakizunarekin...

Dena prestatuta neukan, lanetik irten bezain laster, autoa hartuko nuen eta Txoriherritik hasiko nintzen Euskal Herrian zeharkako bidaia.

Ostiral arratsaldean, laurak inguru, Larrabetzutik nindoan Morgara joateko asmotan, Bizkaiko barnetiko bidezidorrak aukeratuz.

Batzuetan, mendiko bideak autoarentzako igarogaitz bihurtzen ziren, eta aurrerantz jarraitzea ala buelta emateko erabakia nire esku zegoen. Gehienetan aitzina segitu nuen.

Mendi-hegal atseginak, non urritan aurkitzen ziren baserri alderatu batzuk, baso txikiak osatzen dituzten zuhaitzez oihanduta daudenak, hodei mardul gris-zurien pean zegoen egun hartan nire ikusgai nagusia.

Halako batean Urdaibaira heldu nintzen, ohiko errepidera irteten den bide batetik.
Handik aurrera, nire arbasoak bizi izan ohi ziren lekua ikustea hautatu nuen: Urdaibai ibaiaren gainetik, Ereñora, Ibarrangelura, Ea-Natxitura...


Asabaren jaioterria, Gabika auzoa (Ereñon), Arkadia miresgarria, urruntasunaren antza daukana, nahiz eta ez hain urruti egon.
Han, bi agure eta atso batekin topatu nintzen, harriduraz agurtu nindutenak.


Eliza bat, ia axolagabetuta, sendo altxatzen zen auzo honetan, antzinako garaien oroipen.
Apika, han izan ziren pasa diren mendeetako familiakideak bataiatu, kristautasunak euskal herrian garrantzia zuen aroan.


Elorrio hiri noblea izan zen hurrengo helmuga.
Betidanik izan dut gustokoa, eta askotan egon naiz.
Bere Erdi Aroko erdialdean, aitoren semeen jauregien aurrean paseatzen, populazio gazte eta bizia ikus daiteke.
Hiribarnetik at kokatzen ziren zenbait baserri auzo ikusita, Argiñeta hilerria topatu ezinean, alde egin nuen Gipuzkoarantz.



Arrasate, arrats atea, Goizate eta goiz atearen parekoa, esanahi poetiko eta mitikoa duten erroak bilatuz gero.
Arrasate, Euskal Herriko bihotz kooperatibista, eta bere inguruko guztia sortarazi ostean (industria, bankua, unibertsitatea...), herri txiki batetik hiri handi dexente bilakatuta.

Aramaiora iristeko bidea ez zen erraza, AHTren lanak zirela kausa, desbideratze erraldoia (menditik gora eta behera haranean) hartu behar zen.
Mendebaldeko euskalkiak Araban bizirik darrai, eta entzunez egiaztatu nuen.

Baita ezezagun neuzkan herri gipuzkoarrak, hala nola Eskoriatza, eta ezagututakoak, baina ahaztuak, Oñati bezala, ikusteko aukera izan nuen ere.



Arantzatzu inguruko pasaia harritsu eta harritzekoa, sakona eta zakarra, baina ederra bere basatasunean, harkaitzak inondik goratzen.
Malda malkartsuak igarota, "santutegira" ailegatzen da, bere arte modernoko horma griseekin.



Barea eta tradizioa Araotz haran isilean, Toti Martinez de Lezearen eleberri batean agertzen dena, izan ere, kokaleku honek protagonisten bizitzaren ardatz dauka.



Urola aldetik bizkor ibili nintzen... Errezil herri gipuzkoar txikia igaro ondoren...



Tolosa hiri ikaragarria, bere alde zahar erakargarria, xinplea baina xarmaduna, eta barazki merkatua.
Tolosan ibaiak izpilu legez funtzionatzen du eta egun hodeitsu eta argietan margolan baten antza dauka.





Nafarroako iparmendebalaren edertasuna, bere baserri koloretsuekin, eta antzinako usadioak eta hizkera.
Leitza, nolabaiteko hiriburu kulturala esparru honetan, eta gero Zubieta eta Ituren, non urtero joaldunak (zanpantzarrak) ateratzen diren, ihauterien aroan.
Donezteben, berriz, gaztelera zen nagusi, aditu nuenaren arabera, beharbada handixeagoa delako.




Arantzan eman nuen hamabostaldi bat, duela 7 urte, euskaraz bizitzen.
Benetako herri bizia da, jendez beteta, barnetegiaren kontura, apika. Festaz jantzita, ikurrak nonahi, herriaren bizinahia eta oldarkortasuna erakutsiz.



Ibardin lepoa igota, Lapurdi osoa ikus daiteke handik.
Azkaine, Sara, Ainhoa, Ezpeleta, Ustariz, Hazparne.
Lapurdiko zenbait herrixka Frantziako turismoak menderatuta, euskal kulturari buruzko parke folklorikoa izango bailitzan.
Ezpeletan batez ere, hainbeste turista zegoen, ezen zaila baitzen kaletik ibiltzea, bazter orotan hango piper gorri-gorriak zintzilikatzen, eta nahi ala ez, saltoki guztiak produktu tipikoen (produits du terroir, beti eman dit beldurra izen horrek) dendak dira.

Nafarroa behereko herriek ez zeukaten ezer berezirik... Izturitzen zehar gidatu nuen, zeren Aintzina taldearen abesti batean aipatzen duten, baina ez nuen ezer deigarririk ikusi.

Donapaleun afaldu nuen, gizon multzo bat hor zegoela, zeozer ospatzen, eta ozta biziraun nituen euren ekintza mozkortuak. Frantsesez mintzatzen ziren, baina esküal kantak oihukatzen zituzten.





Zuberoa, beti bezala, itzela izan zen.
Mauleko gaztelu irmoa, dorre biribila eta bi begidun zubia dauzkana (Euskal Herrian nahiko bitxia), agurtu nahian hiriko muturrik garaienarako aldapa igo nuen.



Eraikinak oso ezberdinak dira, Biarnokoen modukoak edo, sentzazio diferente osoa ematen du oro har... grisa, harbelezko teilatu aldapatsuak, bailara berdeak, eta Auñamendiak urruntasunean, beheko biztanleen zaindariak.



Mendatea gaindituta, Itzaltzura heltzen gara, Piriniotako herri ttipi polit bat.




Otsagabiko karrika estuetatik minutu batzuk eman nituen.
Edozein txokotan ikuspegi bikainak behatu ahal dira: balkoietatik eskegitzen diren lore-sorta gorriak, horma zuri-zuriak, eta harri marroi ilunek izkinak apaintzen dituzte.
Mandragora likorearen bila ibili nintzen, aspaldian oso arruntatzat jotzen bainuen Nafarroako alde honetan, baina topagaitz bihurtu zen.



Zaraitzuaren ibaibidea jarraituz, nahi baino azkarrago Nafarroako alde lehorrera iristen da: Irunberri, Zangotza, Eslaba, Erriberri, Tafalla, Lizarra, Biana...
Ama Birjinaren eguna zela medio, Irunberrin eta Zangotzan nolabaiteko ospakizun erlijiosoak zeuden.
Irunberrin sartutakoan, alde zaharrean aurkitu nuen Erraldoien kalejira bat, udal banda musikarekin batera.
Zangotzakoa, berriz, oso bestelako itxura zeukan. Apaiz mordo bat, jantzi tradizionalekin, giro iluna eta larritasun aire nabarigarria. Espainia sakonaren islada.



Desertu tankera duen lurraldean haitz isolatuen gainean eraikitzen ziren herriak, lautada nabarrak inguratuta.



Erriberriko gaztelu indartsua urrutik somatzen da. Bere harresi sendoek mendeen joan-etorria ikusi dute.



Tafallan giro jaitsua aurkitu nuen, jai herrikoiak zirela eta.
Euskararen eta euskal herriaren aldarrikapen askorekin topatu nintzen, ikurrina pilo bat, eta abar... hain hegoaldean egoteko, harritzekoa, behintzat.




Lizarra, nondik Donejakue bidea zeharkatzen da.
Ibai ondoko hiri lasaia, errege nafarren egoitz bat dago eta eliza asko, gain batzuetan.




Bianan, Navarro Villoslada jaio eta hil zen etxea, "Amaya" izeneko nobelaren idazlea.
Logroñotik hamar kilometrotara besterik ez dago.
Argazki kamera bateririk gabe geratu zitzaidan eta Bilbora itzultzeko gogoa neukanez, Errioxatik (Laguardia, Labastida) azkar pasatu nintzen.




Autoan lo egin nituen bi gauak... esperientzia berria, eta ez batere txarra, nahiko eroso lortu nuen lo egitea... baina bigarren egunean jada zikin sentitzen nintzen, izerditan blai eta dutxarik hartu gabe... igande goizean Zuberoko zelai bakarti batean biluzik, bota nion neure buruari ura plastikozko botila batetik, ugerra kentzearren besterik ez bazen ere.


Azkarregi gidatu nuen zenbaitetan, asteburu bat ez baita nahikoa gure herria zeharo ezagutzeko.

No comments: