2010-01-08

Letonia


Vilniusetik (Lituania) autobus bat hartuta, Letoniarako muga zeharkatu nuen, Riga hiribururaino. Han eman nuen bizpahiru egun, Estoniarantz abiatzeko baino lehen.

Autobusaren leihoetatik begiratuz, lurrei asko ikasi ahal izan nien: Letonia eta Estonia aski lauak direla, Baltikoan ez baitago garrantzizko mendirik; Baltikoko landak gehienbat padurak direla.


Riga Baltikoko estatuetan dauden hiririk handiena da (eta Baltiko osoan daudenik hirugarrena, San Petersburgo eta Estokolmoren atzean), eta hiri handiko sentzazioa ere sumatzen da handik ibiltzean, Lituanian edo Estonian inon ez bezala.


Berez, Riga ez dago kostaldean, baina bai hurbil, ibai zabal baten (Daugava) bokalean. Rigako hirialdean portuak ere daude, garraioetan eta zamalanetan aritzen direnak, garabi ezagunez josita, eta industriak batez ere hortik dauka bere eremua.

Hain hiri handia denez, eraikin altu ugari dauka, estilo guztietakoak: gotikoak, barrokoak, neoklasikoak, Art Deco, sobietarrak eta egungo metal-eta-kristalezkoak.
Egia esanez, arkitektura ikusgarria topa daiteke edozein bazterretan.


Lehenik Riga izan zen hiri alemaniar garrantzitsu bat, liga hanseatikoaren parte, eta eraikin zahar gehienak eurek egindakoak dira, eta halako itxura daukate.
Hango familia askok antzinatik iraun duten abizen alemaniarrak dauzkate.

Hori dela eta, Rigak erdialdeko Europa dirudi, Alemania edo Austriako hiri baten antza dauka eta.


20. mendera arte Letoniak ez zen estatu independente bat izan. Lituania bezala, alemaniarrek menderatu izan ondoren, Poloniak hartu zuen lekukoa, eta azkenean Errusia (imperiala).
Errusiaren une ahul apropos batean independentzia aldarrikatu zuen Letoniak, baina 2. Guda Mundialean naziek Baltiko osoa gehitu zizkioten 3. Reichari, eta bukatzean SESB barruan geratu zen.

Letonian Lituanian baino industria gehiago antolatu zen SESBen garaian, eta horrek langile errusiarrak ekarri zituen.

Populazioari erreparatuz, oraindik ere kopuru errusiar handia dago eta independentzia lortzerakoan ikaragarri zailtu zuen faktore honek.
Ez da harritzekoa Errusiak bere hiritarrak babestu nahi zituela, eta Letoniako alderdi sozialistak independentziaren aurkako jarrera hartu zuen.

Gaur egun, Letoniako %30 errusiarrak dira, eta %60 letoniarrak. Argi dago SESB desagertu zenetik errusiar asko ama aberrira itzuli zirela, baina hori gertatu baino lehen ia populazioaren erdia omen ziren.

Rigako kaleetan nabarmen igartzen da. Nik behintzat jendea zirilikoaz idatzitako kartelak zeratzamala ikusi nuen.
Nolabait jendeak ezberdin jokatzen du, irekiago, ozenago hitz egiten.
Zenbait tradizio errusiar mantendu dituzte Letoniako errusiarrek. Adibidez, ezkontzetan amodioa eta zin egindako esteka bermatzeko asmoz giltzarrapo bat jartzen dute zubi baten barandan.


Letoniako herritasuna lortzeko baldintzak gogortu egin zituzten independentzia lortu zutenean; bertan jaioak izan behar dira gurasoak edo aitonamonak.
Beraz, atzerritik etorritakoen bertakotzeko prozesua bukatzeke dago.


Bestalde, letoniarren ustetan, euren nazioaren okupazioak hamarkada pilo bat iraun zuen, lehen naziak eta gero errusiarrak (sobietarrak). Horren gaineko museo bat badago Rigan.


Gaur, eskuinerantzako joera handia dauka gizarte letoniarrak, etorkinekin eta euren iraganarekin zakarrak, ikusten duzuenez.

Nire iritziz, Letoniaren kasua Euskal Herriak eredu hautatu beharko lukeena nekez izango litzateke, arrazoi horiengatik.


Kuriositateei begira, Rigako erdigunean monumentu ospetsu bat kokatzen da.
Bere gainean dagoen zutabea Letoniaren independentziaren eta askatasunaren ikurra da, emakume batek eusten dituen hiru izarrek hiru herrialde ordezkatzen dituztelarik.
Orain altxatzen den tokian zegoen Errusiako Piotr Handiaren estatua eraitsita, 30. hamarkadan egungo monumentua eraiki zuten.

Sobietarrek lehendabizi monumentua behera bota nahi zuten, baina azkenean esanahia aldatzen saiatu ziren: hiru izarrek Baltikoko hiru estatuen askapena, SESBari esker, ordezkatzen zituzten.


Letoniera hizkuntza lituanieraren ahizpa da. Oso antzekoak dira hitz gehienak, baina letonierarenak motzagoak, lituanierarenek baino aldaketa fonetiko gehiago jasan dituztenak.
Duela gutxi irakurri dut letonieran mailegu alemaniar gehiago daudela ("un", eta, "kleita", jantzia, esaterako), eta lituanieran (eta Letoniako latgaliera dialektoan) jatorrizko baltikoarrak eta poloniarrak.


Eta azkenik, aipatuko dut Rigan edari alkoholiko berezi bat dagoela: "baltsamo beltza" du izena (Melnais Balzam). Kondairak dio oso gaixorik zegoen tzarina bat edari hau edanez sendatu zela.


Alemaniar estiloko eliza bat.



Kale bat eta katedrala.



Eraikin moderno bat eta zubi berri bat.




Goiko ikuspen bat.




Beste ikuspen bat katedralaren dorretik.




Rigaren alde klasikoa eta parke bat.





Letoniako antzokia.




Eraikin zahar eder bat.





Eraikin sobietiko bat tren geltokitik gertu.




Zubi baten baranda bat giltzarrapoz beteta.




Askatasunaren monumentua.




Askatasunaren estatua.




Letoniaren okupazioaren museoa.




Baltsamo beltza saltzen den denda bat.

No comments: