2010-11-15

Maroko


Afrikan egon naiz, bizitzan lehen aldiz.
Amerikan egonaldi laburra eta gero, Europa (ia) osotik igaro ostean, Asiara abiatu baino lehen, Afrikako lurrazalaren hautsa zapaldu dute nire oinek.
Duela hilabete gutxi, Europan aurkitu nezakeena baino exotismo handiagoa nahi nuela nenbilen kexu, eta Marokon aski izan dut, ziur.

Benetan hausnarketa batzuk sortarazi dizkit Marokok, ezagutzen nuenarekin alde handiak aurkitu baititut.

Planteatzen zitzaidan eran, bidaia hau Asiakoaren entsegu orokorra izango zen.
Beraz, ez nuen hegaldirik hartuko, eta etxetik zuzen abiatuko nintzen nire helmugara, kilometroak eta kilometroak lur eta itsasotik.

Halaber, topatuko nuen gizartea eta Asiako zenbait herritakoa antzekoak izango zirelakoan zerbait garrantzitsua ikasiko nuen, eta nolabait han eta hemen azalduko zitzaizkidan zailtasunak aurreikusteko gai izango nintzen hortik aurrera.

Iberiar penintsula osoa zeharkatu nuen, bai, baina azkenean uste nuen baino beranduago.
Hasi nintzen lehenengo egunean jadanik arazoak izan nituen.

Inoiz gertatu izan ez zitzaidana, Bilbotik Madrilerako autobusa bi ordu geroago heldu zen, eta hori dela kausa Kadizerakoa galdu nuen eta halabeharrez Madrilen gaua pasatzera behartu ninduen.

Aitortu behar dut halako ezustekoetan askotan haserretzen naizela, baina gogoa baretzen saiatu nintzen, eta azkenik folk taberna batean alboka jotzen bukatu nintzen.

Biharamunean, tren bat hartuta Algezirasera iritsi nintzen eta ferry baten bidez Tangerren lehorreratu nintzen, kontinente batetik besterako muga gainditutakoan.


Tanger
Marokon, portuko geltokian errege alauitaren irudi erraldoiak agurtu ninduen lehenik.
Itsasontzian ezagutu nuen bidaiari amerikar batek hotel batera lagundu zidan.

Hotel Continental.
Aberats kolonialen oinordea, Tanger "lurralde internazional" izendatu zuten garaikoa.
Gidaliburuan jartzen zuten ostatu merkeenen artean, baina bidaiaren garestiena atera zitzaidan.
Lehenengo eguna zenez, ez zidan asko axola.

Asmoa neukan Marokoko iparraldetik erdialdera joatea, eta gero handik, Marrakeshetik, hegazkinez itzultzea.

***

Aurrena txunditzen zaituzten gauzetan, aipagarria da jendea turista zarela konturatzen den bezain laster zuregana hurbiltzen dela, intentzio ilunekin gehienetan.
Baina, are okerrago, gero jabetzen zara atzerritarrekiko joera hori iraunkor bihurtzen dela bidaian zehar, eta gauzak ikaragarri zailtzen ditu.

Ulergaitz egin zitzaidan ere bai, zergatik bi ordutako atzerapena daukaten.
Alegia, joan nintzenean erdialdeko Europako ordutegian 20ak aldera sartzen zen eguzkia, baina Marokon bi ordu lehenago, 18etan, eta ildo berean, 6etan sortzen zen.
Denden ordutegiak, aldiz, berberak ziren (9ak inguru irekiten zituzten) eta ez nion probetxuzko ezer igarri (baliteke eguzki-orduen murrizketa udan baliagarria izango dela, baina udazkenean batere ez).

***

Ailegatu nintzeneko euriak harrera egin ninduen gau hartan, baina hurrengo goizean eguzki epel batek esnatu ninduen, eta hotelaren balkoian gozaldu nuen, zegoen luxua eta giro kolonialarekin harrituta.



Tanger ez dela benetako Marokoa entzunda neukan, behin eta berriro, baina nik ezin nuen epaitu, Marokora iritsi berri.

Itsasora begiratzen duten etxaurre zurietan nabari zen kolonialismoaren eragina, estilo erdi afrikar, erdi europar horretan, 19. mendeko arkitekturaren oroimen hartan.
Hala ere, hiri marokoar guztietan dagoen alde zaharrak, medina deritzona, espero zen itxura zeukan, hau da, labirinto baten modukoa, kale estuak eta sigi-sagan doazenak, denetariko denda eta merkatu txikiez josita.

Hauetan erraz gal daiteke bidaiaria, baina hor datza beren xarma.

Nire atzetik zebiltzan horietako astun askok esan zidaten egun hartan merkatu bereberea zegoela, mendietatik etorritako emakume berebereek antolatu omen zutena, sendabelarrak eta halako gauzak saltzeko.

Hori izan zen kultura bereberea bizi-bizia zegoela hauteman nuen lehen aldia.

Maroko hitz bera hizkuntza bereberetik dator, Marrakesh hiriaren izenetik, nahiz eta arabiera ofizialean Almaghrib jarri zioten herriari, "Mendebala" esan nahi duena.


Tetouan
Egun berean, Chefchaouen izeneko herrirako bidean, Espainaren agindupeko lurraldearen hiriburua izandako Tetouanen gelditu nintzen.

Kontua da duela bi mende potentzia europarrek Afrika osoa eragin-eremutan banatu zutela, eta banaketa horretan Espainiari egokitu zitzaion Marokoko iparraldea nahiz Mendebaldeko Sahara. Frantziari, berriz, Marokoren gehiena.

Banatze lotsagarri honek Marokon aztarna asko utzi ditu, edozein herri afrikarretan legez.



Tetouani, esaterako, kutsu espainiarra antzematen zaio, eraikinetan batez ere, penintsula iberiarreko hirien Ensantxe auzoetan dauden modukoak.
Hizkuntza europarrek ere lorratzak laga zituzten; frantserarena sakonagoa eta zabalagoa.

Gaur ere oraindik, frantseserak lingua franca moduan jokatzen du, Marokok gainontzeko munduarekin komunikatzeko erabiltzen duen hizkuntza.
Eta ez hori bakarrik, edonon topatzekoak ziren frantsesera hutsez idatzitako iragarkiak, kaleetan, dendetan...


Bitxikeria bat.
Hain astunak izaten hasi ziren kale-gidari faltsuak (zerbait erostera eraman nahi zintuztenak, edo zuri jarraitzearen truke dirua eskatuko zizutenak), ezen euskarari ekin bainion.

Bai, irakurrita neukan zenbait aholku iruzurgileen aurka: kasurik ez egitea, ezetz tinko esatea, etb. eta hauetako bat hauxe zen: urrutiko hizkuntz ulertezina besterik ez zenekiela plantak egitea, besteek adi ez dezaten.
Horri irmo eutsi nion bider askotan, norbait gazteleraz edo frantseseraz hitz egiten hurbildu zidan bakoitzean, eta arrakastatsua izan zen teknika. Laster aldentzen ziren, amorruak hartuta.


Chefchaouen
Arratsalde hartan Chefchaouen herri politara iritsi nintzen.
Chefchaouenek bi gauza dakarzkit burura.
Bata, euskaltegian nengoenean hari buruz irakurri genuen testua, eta gero kide batek eskaini zigun deskribapena, bera han jada egona zela.
Garai hartan nekez konprenitzen nuen nolakoa zen hain zirudien urruneko lurraldea.



Bestea, nola ez, gurean "txauen" (edo "chawen", sic) hitzak hartu duen esanahia, jende askok han bertan gogoz bilatzen duen produktuarekin lotura estuan.
Hango kaleetan zuri saltzeko prest beti omen dabiltza, nahiz eta ez erre.



***

Chefchaouen ere Estatu Espainiarren menpe zegoen. Egun haietan, Xauen zeukan izena.

Baina beste gauza guztien gainetik Chefchaouenen kolore bat dago: URDINA.
Eta gainera, urdin mota oso berezi eta xarmagarri bat, zuri kolorea gehitua, udaegun baten zeruko urdin argia.
Diotenen arabera, hango juduak hasi ziren tradizio bitxi honekin, haietako askok penintsulatik erbesteratuak.
19. mendean, espainiarrak hara ailegatu zirenean, sefardi gazteleraz oraindik egiten zuten juduak aurkitu ei zituzten.



Mendi-hegal batean, alde zaharreko horma guztiak urdinez margotuta daude, eta sortzen duen efektua harrigarria da.
Aurreko egunean bota zuen zaparradaren ondorioz margotu berriak izango bailiran geratu ziren paretak eguzkipean, distiratsu-distiratsu.
Parean, Rif mendikatearen puska bat.


Rif mendiei harira, Tetouanetik ere ikusi ahal ziren, iparraldeko lurraldeari izena ematen diotenak.
Tetouango parke batean, telefonoz Rif mendiez ari nintzelarik, agure bat nigana etorri zen.
Hizketan ari ginen, jarrera adeitsua zeukala konturatutakoan.
Gasteizen zuela anaia edo arreba bat (hori ez nion ondo ulertu, gazteleraz ari zen arren) bizitzen, espainiarrak ongi etorri hartzen zituela, amerikarrak baino nahiago zituela, euskaldunak eta Rifeko berebereak anaiak zirela...

Abd el-Krim iraultzaileak ez omen zuen gauza bera pentsatzen.
20. mendearen hasieran, Marokoko zati hori Espainiak zeukala, Rifeko guda piztu zen, non milaka berebereek euren eskubideen alde borrokatu zuten, eta tarte txiki batez errepublika independente bat sortzea lortu zuten.


Baina mendikateak ez zituen soilik gerrillariak ezkutuan, egunera arte ere tximinoen populazioa mantendu da, eta turista askorentzat ikusteko aukera paregabea da.

Marokoko mendietan lehoiak ere bazeuden, antzinean; 20. mendera arte iraun zuten gixajoek.


Fes
Ondoren, Fes hirirako bidea hartu nuen.
Fesek, Meknes eta Marrakeshekin batera, "hiri inperiala" deitura partekatzen du, Erdi Aroko erresumaren hiriburuen bat izan baitzen.

Erdi galduta, Chefchaoueneko autobus geltokian bi ordu itxaron eta gero autobus ziztrin batera zuzendu ninduen geltokiaren arduradun batek.
Beste bidaiari batzuek kontatu zidaten halako autobusak herriz herri ibiltzen zirela, eta sarritan oiloak eta ahuntzak sartzen zituzten barrura, baina ez zidan halakorik gertatu.
Alabaina, autobusaren sabaiaren gainean fardel batzuk bai jarri zituztela eta poliziak ekipajeak aztertzeko bi aldiz gelditu gintuen.


Bidean ikusi nituen paisaiak benetan ikusgarriak ziren, baina aldi berean, Gaztelan edo ikus daitezkeenekin antza zeukaten. Betidanik uste dugu Maroko lehorragoa zela, eta aitzitik, berdetasuna han-hemenka zegoen.

***

Milioi bat biztanletako hirian sartu nintzeneko bere giro nahasiak harrapatu ninduen.
Hiri zaharra harresiek inguratuta dago, guztiz, eta hauetan ateak zeuden, arku arabiar ezagunek koroaturik.

Lohiz eta gorotzez jositako sarreraren lurzorua zapaldu ostean, hauetako batetik barrura sartu nintzen, asto batzuk, zamak soinean, hor zeudela.
Han bertan hasten zen nahastea; alde batetik, merkatarien postuak, edozein modutan jarrita, batzuek oihukatzen, eta erosleak joan-etorrietan; bestetik, turista inozoen bila zebiltzanak eta mota orotariko produktuen garraiolariak, motorraz, astotxoz ala bizikletaz, berdin zien.


Euri-tanta epelak jausten ari ziren ere bai.
Zinez, ez nuen Marokoko udazkenean hainbeste euri espero, baina oker nenbilen.


Zorionez, aurki teilatupean nengoen, medinaren barneko ostatu xume eroso batean, non familia bera bizi zen.
Patio moduko egongela zeukan etxebizitzaren erdian, eta hortik bigarren solairura eta gainerako geletarako sarbidea zegoen.


Medinako kale estuetan garbitasun eza nabaria zen.
Ibiltaria laster usain gogorrek gatibu aurkitzen da. Batzuk gozoak dira, besteak (gehienak?) ez dira hain atseginak, arrainena, hiltegiarena, larruarena, aragi ustelduarena, zaborrarena oro har... eta kiratsen arloan sar daitezke.

Noizean behin, ederto apaindutako iturriekin ere topatu nintzen, bazter abandonatuetan. Urak Erdi Aroko azpiegituretatik korrika egiten du hirigune zaharrean, eta antzinetik garbiketaren ikur bakarra izan da, erabiltzen dituen hodiak harrizko edo porlanezko geruza anitzen azpian datzate, ahaztuta eta kasu askotan, puskatuta ere.

Labirinto honetako estartak ogibide tradizionalen arabera banatuta zeuden.
Elikagaiak zein artisautza oroen emaitzak salgai zeuden, karriketatik barreiatuta, eta katuak nonahi zebiltzan, zer jango zain.
Jatetxeetan ere katuak niri begiratzen geratzen ziren, janaria eroriko zen unearen esperoan, ahalkegabe.

Jakien ildotik... oroigarri daukat mendazko tearen zapore bizia, oso espeziatuta eta edonon eskainita.
Honelakoa zen prozedura: zerbitzariak lehenik ur beroa botatzen zuen teontzira, han tearekin eta menda-belarrekin nahasten da, orduan tea teontzitik edalontzira isurtzen du. Edan baino lehen, berriro ere edalontzian isuritakoa teontzira itzultzen da. Azkenik, bigarren aldi honetan isurtzen dena edan daiteke.


Barre eragiten zidan merkatu batean ikusi nuen zerbaitek.
Alfonbratxo moduko estalgarri baten gainean, dozenaka oiloak lerrotan jarrita zeuzkan gizon batek, saltzeko asmoz.
Oiloak bizirik zeuden, noski, baina antza denez ez zeukaten estekarik, bata bestearen kontra uzkurtuta zeudela.
Isil-isilik zeuden piztiak, hauetako batek burua altxatu zuen arte eta kakara bota zuen. Jabeak, matxinada keinu hori ikusita, bizkor eman zion kolpe siku bat eta oiloak, azken oihu arranguratsua jaurtiz, etsi zuen eta ostera ere burua makurtu zuen.


Medinatik kanpo (Fes el-Bali), bazeuden bi auzo handi, alegia, Fes Jdid (arabieraz "Fes Berria" esan nahi duena) eta Ville Nouvelle (alde koloniala).
Soilik Fesen, hain hiri zaharrean, 700 urteko auzoari "berri" dei diezaiokete.
Fes Jdiden barruan Mellah dago, auzune judutarra. Izena, berez, "gatz" hitzetik dator, zeren eta juduak bere salmentan aritzen baitziren.
Gaur egun, baina, judutegian oso judu gutxi daude. Askok Ville Nouvellera mugitu ziren, edota Rabatera, edo, azkenik, Palestinara.

Hala eta guztiz ere, sinagoga baten funtzionamenduak indarrean darrai, bisitarientzako ikuskizuna besterik ez bazen ere.
Ni handik pasatu nintzanean turista amerikarren aldra bat sarreratik urrats gutxitara pilatzen zen, rabbiarekin ingelesez berbetan.

Segidan, ostatura itzultzekotan, iluntze aldean bide ezezagun batetik sartu eta berehala galdu nintzen. Biraka nenbilen tarte batean, sartu nintzen tokira itzuli arte, momentu batez izuak harrapatu izanda.


Fesen ikusi nuen azken gauza jauregiaren urrezko atetzarrak izan ziren. Egun euritsu hartan ez zeukaten behar zuten bezain distira; edonola ere, turistak hauen aurrean fotografiak ateratzen zabiltza.
Nik gidaliburuaren azalean ikusiak nituen.



Rabat
Rabaterako iristea nolabait baregarritzat hartu nuen.
Egungo hiriburua bada ere, ez du ematen hain kaotikoa denik, Fesen aldean.
Berez, hiriburu koloniala besterik ez da Rabat, euren garaian frantsesek inposatu zutena.
Maroko menperatzeko arazoak saihestu nahian, Frantziatik azkar heltzen den leku bat behar zuten, itsasotik gertu dagoena.
Horretaz gain, gortearen azpikerietatik alde egin nahi zuten frantsesek, ezegonkortasuna ekartzen baitzuten, eta horiek garrantzitsuak ziren Fesen.

Aginte kolonialista baino lehen, Rabatek eta aldamenean dagoen Sale portuak piraterian jarduten zuten, aro batean ospe handikoak izan ziren pirata berebereen babeslekua. Afrikatik Islandiaraino hedatzen ziren euren lapurretetan eta eraso orokorretan.
Marokoko erregeek ezin zituzten zeharo kontrolpean eduki, eta eremu hartan bolada luzeko "errepublika kortsarioa" osatu zen.

Frantziaren menpearen ostean mendebaldeko hiri moderno bilakatuta dago Rabat.


Pasealdi lasaia eman nuen, bere itsasaldeko harresietatik eta bere kasbah zuri-urdin zaharretik (Al-Andalusetik ihesitakoek eraikia), ilargierdia olatuen eta hondartzaren gainean distira egiten zuela, maiteminduak ilunabarrean elkartzen diren gunetik.
Beharbada, bidaiaren ostatu txarrenean lo egin nuen, baina ez zidan kezkatu.

***

Rabateko tren-geltoki nagusia txukun eta dotorea zen, dena marmolez, beiraz eta metalez egina.
Handik tren berri-berriak Marrekesherako norabidean eraman ninduen.

Ez nintzen Casablancan gelditu.
"Ez du merezi bisitatzea, ez du merezi, ez xahutu zure denbora Casablancan."
Hori maiz entzun eta irakurri nuen.



Marrakesh
Kostaldetik urrundu ahalean, trena helmugara hurbiltzen ari zen neurrian, gero eta pasaia idorragoak agerikoak ziren.
Horrek bai ematen zuen egiazko Marokoa, gogoan generamana, behintzat. Marokoar beraiek halaxe esan zidaten ere bai.


Noizbait Marrakesh caravanserai bat zen, Tonbuktutik etortzen ziren karabanen geralekua.
Horren inguruan azokak (arabieraz "souq" esaten diete) sortzen hasi ziren, bazarrez bete zen erdialdea eta azkenean adobezko harresiak altxatu zituzten.
Kalezuloetan bat batean atari ikusgarriak azaltzen dira, eta barnean fondouqak, artisau baten etxebizitza zein tailerra, bere artea egunera arte etengabe garatuz, eta berrikuntza sortuz joan den lekua.


Marrakeshen bihotzean kokatuta, Djemaa El-Fna plazak bisitariaren arreta arin bereganatzen du.
Gisa guztietako kale artistak eta saltzaileak hor biltzen dira, turistaren diru eske: laranja-zuku freskoak eskaintzen dituztenak, lurrinak eta esentziak salgai zeuzkatenak, sugeen hipnotizatzaileak, dultzainak (gaitak) joz saskitik aterarazten eta euren erritmora dantzarazten zituztenak, tatuaiak egiten zituzten emakume berebereak, ura zeramatenak, oso era deigarrian jantzita...


Teilaturiko bazar galerietara barruratu nintzenean orientatzeko sena erabat galdu nuen.
Lantzean behin, estalperik gabeko plazatxoak eta txiroago ematen zuten kalearte hustuek, baina oroz gain amaigabeko azokak. Ezinezkoa zen non zeunden jakitea.

Hango saltoki batean zintzilikaturik txirulak eta albokeak zeuden; musika tresnei so geratu nintzen.
Oso itxura berezia zeukaten, hemengoen aldean oso bestelakoak ziruditen, baina familia berberarenak, dultzaina eta albokaren eitekoak.

Produktu nabarmenenetan artean, azukrez, eztiz, irinez etb. prestatutako gozoki koloredunak eta fruitu lehorrak egundoko erakustokietan begibistan zeudenak.


Gauez, plaza nagusira bueltan giroa apur bat aldatuta zegoen, hau da, postu guztien argiak piztuta, eta behin-behineko jatetxeak nonahi irten ziren (goizean ziurtasunez hor ez zeudenak), euren sukaldetatik keak hedatzen eta musika soinuak oihuekin nahasten, are ozenago, dendariek zuri geldigabe deika.

Ñabardura guztiak begirada batean atzematea zaila zen, iluntasuna eta aldi berean usain-hodeiak airean libre, argi itsugarriak eta zaratak horren giro irrealean elkartzen ziren.

Bazeuden ere Afrika beltzatik etorritako gnawa perkusionistak, jatorria Mauritanian bide daukatenak. Gau osoa ematen dute kriskitinei eta danborrei kolpe-kolpeka.

***


Hurrengo egunean, ohiko leku turistikoak bisitatzeko egokiera aprobetxatu nuen.

Horietan, elkarren ondoan dauden Ben Youssef madrasa eta Marrakesheko Museoa bereitzen dira.
Eraikin historikoetan egokituta, plaza nagusitik medinaren beste muturrean kokatuta daude eta beraz labirintoa zeharkatu behar izan nuen (berriz galdu nintzen).
Marrakeshen baino inon ez nuen sarrerarik ordaindu. Marokoko mirariak normalean muxutruk dira eta kanpoaldean daude, ez da inon berezirik sartu behar.
Salbuespenak hor ditugu: Marrakesheko gune miresgarriak gozatzea derrigorrezkoa da, nahiz eta ordaindu behar.


Madrasaren eta museoren barneek izugarrizko edertasuna daukate, gehienetan isiltasunean dastatu ahal dena.
Arkitektura arabiar klasikoaren adierazgarri onak dira, baita berritzaileak ere, nonbait.
Madrasak garai batean eskola islamiko balio zuen, eta ikasleak han bertan bizi ziren, egun ikus daizteken gela ñimiñoetan.
Erdialdean patio altua dauka, non eguzki izpiak lotsati barrentzen diren, urmael bat lasai-lasai ferekatuz.


Badi izeneko jauregiaren hondakinak begiztatu nituen ere bai; handik Saaditen hilobiak ikustera abiatu nintzen, eta turista-masak ongietorria eman zidan.
Eguzki-galdatan ilara luzea osatu genuen, eta itxaronaldia bukaezin egin zitzaidan, baina horrek ez zidan eragozten barrua ikustea (bost minutu besterik ez zen behar behin iritsita).


Djemaa El-Fnatik hurbil Koutoubia meskitaren dorrea ikustekoa da, zuhaitz exotikoen parke batek inguratuta, Sevillako Giraldarentzako eredua izan zena.
Marokon, beste herri batzuetan ez bezala, moskeetan musulmanak ez direnak ezin dira sartu.


Hilerri judutarra azaletik aztertu nuen.
Ehunaka kare zurizko hilobiek osatzen zuten pasaia, izenik ez, seinalerik ez.

***

Eskualdeko mapak arakatzen nenbilelarik, hain hurbil zeuden Mauritania, Mali... errepide afrikarren norabide infinitoa hartzeko tentazioa nire baitan piztu zen.

Arratsalde hartan sortalderantz hartu nuen autobusa.



Ouarzazate
Marrakeshetik nahiko berandu irten zen autobusa, eta gainera, gidaliburuan jartzen zuena edo esan zidatena baino askoz luzeagoa zen bidaia.
Sahara ikustea neure buruari jarri nion hurrengo xede, eta horretarako Ouarzazatera joan behar nuen.
Herri horrek "basamortuaren atea" zeukan goitizen, eta beraz beren-beregi joan nintzen.

Iritsi nintzen bezain laster diru iruzurra baten biktima izateko zorian egon nintzen.
Pasadizoa ez dut kontatuko hemen, baina korapilotik irtetea erdietsi nuela jakitea nahikoa da.


Sahara
Gertakizun txarrak gorabehera, goizean berehala abiatu ginen.
Miliak eta miliak jeepez egin genituen, Erg Chebbi dunetara heldu arte.


Bidean, tarteka, adobezko kasbah-k, desertuko herriaren gotorlekuak eta merkatuak, karabanarentzako aterpeak, palmondoz osatutako oasi berde-berdeen erdian.




Haranan zehar ibai bakar bat zebilen eta honetako urertz bietan munduko oasi handienetariko bat luzatzen zen.
Oasi honen alboan jeepa gelditu genuen palmondo batetik datilak hartzeko. Gozoak ziren, baina ondorio kaltegarriak izan omen zituzten, batek daki.


Tankera arraroko harrizko mendi-multzoak atzean utziz, hautsez estalitako eremu lehorretatik hareazko lekaroraino bidaiatu genuen.


Marokon egindako bidaiaren alderik mamitsuena, zer esanik ez, basamortuaren erakarpen arrotza izan zen.
Apika, kultura zinematografikoak bultzatu gaitu dunerako erakarpen horretara.
Gorri-urrezko harea xeheen aurrean behatuz eragiten den lilura ondo deskribatzeko ez dago hitz aproposik eta irudiei begirada bat ematea gomendatzen dizuet.
































Hori bai, luzaroan gomutan izango dut ilbetepean bidaiaturiko zeharkaldia, kanpamenturaino, gameluz izarren azpian.

Sentimendu kontrajarriak jasan nituen ibilaldi hartan.
Gamelu-gidaria eta biok bakarrik geunden, eta ni noiz helduko beldur nintzen, argi hurbilenak kilometro askotara baitzeuden.

Halako batean, gamelu-gidariak, touareg urdinez jantzita eta guzti, tabako pakete bat atera zuen eta erretzen hasi zen.
Horretan zegoela, eskuko telefonoak jo zion eta hor, desertu erdian eta gamelua atzean, mugikorrez hitz egiteari ekin zion.
Une bateko magia apurtu zidan.


Lekaro galdu hartan ilunsentia, eguzkia bere amarengana joaten, dunen azpian ezkutatzen, eta egunsentia begietsi nituen.
Beraz, esan nezakeen ipurdian hartu nuen mina (ordubete baino gehiago gameluz ibili nintzen eta) barkagarria zela.

Gerokoa, afaria zerbitzatu ziguten kanpamentuan, goxo-goxoa, bigarren platera oilaskoa zen, zapore oso gogorrakoa, espeziatua ere, limoiaren gustu garratzarekin, oliba beltz-moreekin lagunduta.

Kanpamentuan beste gonbidatu batzuk zeuden. Hots, familia alemaniar bat eta amerikar batzuk.

Afaria bitartean, familiaren batek hizkuntzei buruz itaundu zien desertuaren gidei.
Marokoko arabieraren aldaeraz (dariya) gain, desertuan hitz egiten duten hassaniya, eta hizkuntz berebere hiru.


Gaua bukatzeko, musika sesioa eskaini ziguten, batik bat perkusioa, eta horretan sartu nizkion nik bertan inprobisatu nituen alboka doinuak, gonbidatuen harridura pizten.

Primeran prestatutako gauarengatik eskerrak eman ondoren, haima baten barruan egin nuen lo, azken finean oihal lodi batzuk baino ez zena, baina eroso-eroso, "goian zerua eta behean lurra".



Marrakeshi agurra
Marokon igaro nuen azken eguna ez zen batere erraza.
Itzarri nintzenean digestio-arazo bat neukala nabaritu nuen.
Jan edo edan nuen zerbait, auskalo zer. Janari-pozoinketa horrek ikaragarrizko beherakoa eragin zidan, eta ezin izan nuen ezer jan egun osoan.


Gaitzak jota, erdi lo, gauez Atlas mendietan gaindi genbiltzanean harrizko erraldoien itzala soslai somatu nuen, autobusaren gortinetan barrena.

Marrakeshen atzera, ahal izan nuen moduan ia hiri osoa ibili nuen, autobusak utzi ninduenetik ostatura, motxila sorbaldan.

Hain urduritasun larrian nenbilen ezen gela ordaindutakoan kanbioak hartzea ahaztu baitzitzaidan.
Gelatik harrerara bueltatu nintzen.
Hotelaren harreragileak itzuli zizkidan kanbioak eta pasaportea.

"Zorionak!" esan zidan.
"Zer ba?" esan nion.

"Bi ordu barru zure urtebetetzea izango da eta."


***

Agian, pena ematen didan gauza bakarra Atlantikoko kostaldea, Rabat izan ezik, alde batera uztea izan da, desertuaren faborez, eta hori dela eta, Essaouira ikusi ez izana.


Hegazkinetik Afrika eta Europa, Atlantikoa eta Mediterraneoa aldi berean ikusi nituen.

No comments: