2008-01-17

Nōs, vascones, ab rōmanibus pacem discimus, of þēodiscum gūð leornodon.
Guk, euskaldunok, erromatarretatik
pakea ikasi genuen, germaniarretatik guda ikasi genuen.

Nik neuk prestatutako esaldi honek euskal historia eta hizkuntzaren arteko harremanak begibistan jartzen ditu (lehen zatia latineraz, bigarrena anglo-saxoieraz).
Erromatarrak eremu baskoiarrara heldu zirenean beraiekin bake-protzesu bat garatzen hasi ziren eta dirudienez nahiko onuragarria zen baskoientzat zein erromatarrentzat, ze mende pilo batzuetan zehar gatazkarik ez zen piztu lurralde horretan.

Bazeuden ere kohorte baskoiarrak (nafarrak) eta barduliarrak (gipuzkoarrak) Erromako legioetan, ez guda egiteko, baizik eta bakea zaintzeko (hala nola, Britannian egon ziren barduliarrak).

Batek esan dezake akitanoak ere gure lehengusuak zirela, eta haiek erromatarretatik ez zuten bakea hain azkar onartu... guda odoltsua eragin zuten, beraien lagun kantabriarren laguntzarekin, Julio Cesarren De Bello Gallicon agertzen denari kasua eginez gero.
Gero etorriko ziren euskaldunek esango zuten kantabriar horiek izan ere bizkaitarrak eta gipuzkoarrak zirela, kantabriar eta euskaldun sinonimotzat hartuz erdi aroko mendeetan, beraien antzinako basatasun noblea aldarrikatzeko aitzakia.

Erromako bakea amaitu zenean, germaniar gerlariak arin inperioan sartu ziren, eta lehenik egin zutenak (407 urtean) zuzen-zuzen abiatu ziren Iberiar penintsularantz: Suebioak.
Agian haiei zor izaten diegu guda hitza, zeren Galizan erresuma eraiki baino lehen, Euskal Herritik gurutzatu zituzten Pirineoak.
Eta hizkuntz germaniarretan bazegoen oso antzekoa zen hitz bat; hau zen gund, gundis godoeraz (Gonzalo izenaren jatorria) eta gūð saxoieraz. Beharbada suebioek ere zeukaten horrelako hitzen bat... eta batek errazki imajina dezake gudaroste barbariko hori baskoien aurkara hurbiltzen eta bitartean "gūð! gūð!" oihukatzen.
Benetan haien buruetan tinko finkatuta irauteko momentua.

Godoek penintsularen Iparraldean egindako banatze-mugak.
Beraiek fundatu zituzten Oligitum (Olite-Erriberri) eta Victoriacum (Vitoria-Gasteiz)
kantabriar zirelakoen eta baskoien aurkako kanpainaldietan.
Mapa honek ez ditu Frankoek beste egindako banatzeak erakusten
(Baskonia haien erresumapean ere bazegoen, gaurko Gaskonia osoa barne)

Ja badakigu ze gertatu zen horren ondoren: godoek beraiengana Iberiar penintsula osoa erreklamatu zuten, Erromaren izenean lehen, gero monarkia germaniar zentralizatu bat egiteko asmoz, eta asturiarrek nahiz kantabriarrek nahiz euskaldunek ez zuten beraien menpetasuna inondik inora nahi eta independentziaren alde borrokatzen hasi ziren.

Hura ez baitzen Europar batasun zibil eta zabala.
Orduan, zer nahiago dugu? Bakea ala guda?
Eta are gehiago, zergaitik penintsularen lurraldetasuna errespetatu?
Hurrengoetan hitz egingo dut Pirineotako beste aldeko jendeekin lotzen gaituzten estekei buruz.

Lehen erantzuna zein ote den argi samarra dagoelakoan nengoen, baina, badaezpada, argituko dut testuinguruaren arabera eta baldintzatzen gaituen esparru tenporalaren arabera baieztapen zuzena aurkitzeko beharra dugula, eta, gurea, gaur egungo erronka, kanpoko inposaketei aurka egitea dela, bide demokratikoak aintzat hartuz, ze badaukagu hor mugitzeko arlo bidezkoa.

Ez gaude Erdi Aroan, mesedez. Garai hauetan erabili ohi zituzten bidekin borrokatzen zuten, ta gaur gaurko bidekin borrokatzen jarraitzen dugu, ez antzinakoekin.

Gainera, beste herrietatik prestatuak direnez, bakea eta guda kontzeptuak euskaldunok atzerritzat hartu behar ditugu, guk, berriz, gurea defendatu behar dugu, baina besteena zauritubarik ahal bada!

No comments: