2010-12-07

Nihon Jaia: Dragoi berdearen barruan.



Duela aste gutxi Japoniari buruzko bigarren jaialdia ospatu zen Bilbon.

Hasieratik zein lekutan izango zen ez zegoen argi, baina, ate-irekitzea arestian izateagatik, non eta Miribilako kiroldegi berrian egin zen.

Eraikin berri honen ezaugarririk bitxiena bere azaleko egitura da, dudarik gabe.

Kanpoko gainazal osoa (beheko aldea izan ezik, ateak eta zutabeak dauden gunea) ezkatez egindako estalki zilindrikoa dauka.

Gainera, ezkata hauek erronboideak dira, azpiko mutur zorrotz-zorrotza dutenak, eta berde bizi batez margotuak, tonu ezberdinetan. Bata bestearen gainean jarrita daude, euriaren kontrako armadura itxia izango bailiran.

Bere osotasunean, dragoi baten bizkarra ematen du eraikinak.


Egia da lehenago Japoniatik zetorren guztia gehiago maite nuela, baina afizio hori ez da niregan batere desagertu, eta oraindik oso gustoko daukat.

Izan ere, orain dela urte batzuk japoniera denboraldi batez ikasi nuen, Bilbon bertan irakasle japoniar batekin, eta hitz askoek nire buruan jarraitzen dute, ni konturatu gabe.

Euskarak eta japonierak benetan elkarren antzekotasuna partekatzen dute, fonetika, morfologia eta sintaxi arloetan, eta tankera berdina duten berba multzo bat dauzkate.
Beraz, euskaldunontzat errazagoa da hizkuntza hori ikastea.


Erakustaldiari erreparatuz, denetarik apur bat zegoen.
Noski, esparruaren gehiena erakusketek hartzen zuten, hala ere, ekitaldientzako guneak zabalak ziren: eszenatoki handi bat, tatami bat eta zenbait toki mahai eta aulkiekin (tailer eta jolasentzat).


Erakusketen artean, nabarmenenak ziren kimonoak, yukatak, bonsaiak eta ikebana.

Kimonoak eta yukatak Japoniako jantzi tradizionalak dira, oihal atal bakar batez eginak, gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat, nahiz eta azken hauek deigarriagoak izan, udan zehar erabiltzen diren yukatak, batez ere.


Zuhaitz txikiak lortzeko asmoz inausketa eta zainketa berezien teknika Japoniatik badatorkigu ere, mundu osoan ezagun ditugu bonsaiak.
Dena den, ale ikusgarriak zeuden hor, Asiako eta Europako motakoak. Txunditu ninduten hosto eta adar xehe-xeheak zeuzkaten zuhaitxo horiek.





Botanika sailan ikebana ere sar genezakeen.
Heian garaiko budismoarekiko eta gorte inperialekiko erlazioan sortua, ikebana loreak taxutzeko artea da.
Ni ez naiz artelan horiek begibistan bere neurriz estimatzeko gai, baina bazeuden lore-sorta adibideak, loreontzietan ondo apainduta.



Horretaz gain, jardunaldiek zirauten bitartean gisa ezberdineko tailerrak eskaintzen ziren, hala nola, zeinu japoniarrak (kanjiak) tintaz eta pintzelez idazteko era (shôdô), eta xake japoniarra deritzon go jolasaren oinarrizko arauak irakasteko ikastarotxoa.


Origami tailerrarik ez nuen ikusi, erakusmahai baten gainean arte honen emaitza batzuk egonagatik.
Origami
mendebaldean papiroflexia deitzen den papera estaltzeko arte japoniarra da. Paperezko kurriloek Japonian zorte onarekin lotutako esanahia daukate, eta oso arruntak dira.


Baina, zer esanik ez, jaialdiaren ardatza ekitaldiak ziren.
Nik neuk askoetara asistitzeko aukera izan nuen eta denbora ez nuen edonola ere galdu.

Larunbatean berandu heldu nintzenez, sukaldaritza japoniarraren gaineko hitzaldi-eztabaida bukatzekotan zegoen. Beren-beregi eraman zuten sukaldari japoniar ezagun bat ikuslegoaren galderak erantzuten zebilen.
Ni iritsi baino lehen, fugu, puxika-arrain pozoitsua, jendeaurrean prestatu omen zuen.

Ospe handiko sukaldaritza dugu Japoniakoa, eta kiroldegiaren bazter batean Gernikako Ikegutxi jatetxeak sukalde inprobisatua egokitu zuen.
Antza denez, Ikegutxi jatetxea Euskal Herrian daudenetik sukaldari japoniarrak dauzkan jatetxe bakarra da.
Gyûdon (okela, behikia, arrozarekin) katilu goxo bat lortu nuen txoko hartan.


Arratsaldean kontzertuak egon ziren.
Lehen ez nuen inoiz musika japoniarra zuzenean entzun, baina ezagutzen banituen musika tresna tradizionalak.
Egun hartan taiko, shamisen eta shakuhachi jotzen zituzen, igandean berriz, koto biren saioa egon zen.
Igandean ere, dantzarekin batera shamisen jo zuten, eta shakuhachiren solo luze baino luzeagoa eskaini zen.
Taiko talde berberak bi egunetan errepikatu zuen.



Labur azalduz, taikoa Japoniako danbor erraldoia da, shamisena kitarra moduko musika tresna bat, shakuhachia txirula japoniarra eta kotoa altzoan jartzen den harpa mota bat.




Borroka-arteen emanaldiak ere egon ziren.
Larunbatean begietsi nuen lehena jûjutsua izan zen, kolpeak dotore ekiditzeko teknika-bilduma dena, jûdôa hauetako mota bat delarik.
Izan ere, hitzak "dotore" esan nahi du, jutsu teknika eta bidea.
Polita baina apur bat mantsoegia.


Jarraian, kendô borrokaren teknika pilo bat erakutsi zuten.
Ken berez "ezpata" izan arren, erabiltzen zituzten armak katana, bokuto eta naginata ziren.
Bokuto edo bokken egurrezko makila bat da, eta naginata oso lantza luzea (bi metrokoa).


Astiro-astiro egin zituzten ikasitako mugimenduak; alabaina, oro har aparteko espektakulua izan zen.


Igandean, ostera, aikidôrekin hasi ziren emanaldiak.
Dozenaka pertsonek hartu zuten parte, gazte-gazteak eta zaharrak era berean.
Dirudienez, borroka hau belauniko eta arrastaka gehienez praktikatzen da, hainbeste jende zegoen aldi berean mugitzen zeren erakustaldi hori besoz eta hankaz osatutako zurrunbilo bilakatu baitzen. Nik dakidala, denbora osoa zoruan ematen zuten.



Geroxeago, beste kendô talde desberdin bat azaldu zen, iaidô ere egiten zuena.
Borroka bi horien arteko desberdintasunak ez nituen ondo aditu, baina argi dago hiru ariketa bereiztuak agerrarazi zituztela.
Alde batetik, katanak zorrotik ateratzeko erabilera koordinatuak egin zituzten taldearen maisuek, bata bestearen ondoan.


Bestetik, egurrezko bokutoarekin elkarren aurka borrokatzen ari zirela planta egin zuten, binaka.
Azken zati batean, zoro hasi ziren elkarrenganako kolpeak ematen, goitik behera banbuzko shinaiekin, garrasika, armadura jantzita eta guzti zeramatela.
Aitortu behar dut barregarria iruditu zitzaigula.




Gogokoen daukadan kyûdôa ez dakit egon zen ala ez (kyû= arkua), baina ezezkoan nago.
Oso arte ederra eta lasaia da arku-tiro japoniarra, budismo zen adarrean garatua.



Alde fisikoa ez ezik, hitzaldi anitz ere plazaratu zituzten.

Larunbatean, eszenatokiaren gainean, Salamankako unibertsitatean irakaslea ei zen japoniar jator batek antzerkiari buruz hitz egin zigun.
Tipo xelebrea zen hori. Berak ahoskatzen zuen modutik gaztelera ondo ez zekiela zirudien, baina hala ere konferentzia osoa irakurri zuen.
Tarteko zatietan, antzezlanen abestiak kantatu zituen; gure belarrientzat gogorregi, agian.


Igande goizean, lehenengo euskara-kanji hiztegia edo gidaliburua aurkeztu zuten.
Tamalez, ni ez nintzen garaiz iritsi, eta beraz garrantzizkotzat jotzen dudan arren ezin dut gehiagorik esan.


Halaber, kuriosoa izan zen, baina gazteleraz haikuak idazten dituzten nafarren elkarteak hitzaldi-tailerra interesgarria eman zuen.
Haikuak nolabaiteko poema laburrak dira, jatorriz japoniarrak, baina edozein hizkuntzaz molda daitezkeenak.
Haikuak egiteko arauak oso zorrotzak eta mugatuak dira, unean uneko hausnarketa batetik sortzen den sentimendua adierazteko. Oso zaila omen da arte hau jabetzea.
Aisialdi asko eta baretasuna behar dira idazkera honetan sakontzeko.


Azkenik, go hitzaldira abiatu ginen, lehen aipatu dudan xake japoniarra.
Kontua da ez dela batere xakea, eta ezer gutxi daukate amankomunean.
Go jokoa taula handiagoan jolasten da eta izkin guztiak erabiltzen du. Fitxak dilista-formakoak dira, zuriz eta beltzez.
Mintzatzaileak esan zuenez, adimen eta irudimen handiak behar dira, eta estrategia-zentzu landua, maila altuko jokalaria izan nahi baduzu.
Jokoaren xedea ez daukat hain argi, beste jolasetan bezala, aurkarien fitxa guztiak menperatzeko, baliteke.
Behintzat, solasaldian adierazitakoak jakinmina piztu zidan.



Gaurko kultura edo azpikultura den manga eta animeren ingurukoek euren lekua bazeukaten (cosplay lehiaketa barne), jakina, baina nik ez nien kasu handirik egin.


Erakustaldia ikusita, edonor azkar konturatzen da Japoniako kulturaren zenbait adierazpen Txinatik datozela, baina Japoniaren meritua moldatzea izan da, zuhur egokitzea, euren aldaera propioarekin.

Laster neu egongo naiz Japonian, eta ospakizun hau hango kulturarekiko grina berpizteko era aproposa izan da.

No comments: