2010-12-27

Bordele

Hil honen hasieran Bordelen egon nintzen

Europa kitatu baino lehen egiten ari naizen bidaien barnean dago; hurrengoa, urtarrilean, Londresera izango da.


Ez neukan asmo argirik, hiriaren arima sentitzearena baldin ez bazen.
Aspalditik hemendik alde egiteko ideia neure burutik dabil, eta Bordele beti egon da aukera erakargarrienen artean.

Gaskoniako kulturarekiko interesak ere bultzatu du erabakia, Bordele auzoko lurralde horren hiri garrantzitsuena delarik.



"Gaskoi" hitzak bere zentzua galdu du Hego Euskal Herrian.
Jadanik ez dakigu zer esan nahi duen, ezaguna zaigu baina ezin diogu esanahi jakin bat egotzi.
Batzuentzat gaskoia eta Iparraldekoa gauza bera da, Iparraldetar guztiak gaskoiak direlakoan, besteentzat gaskoiak erdi aroko euskaldunak ziren.
Gutxi batzuk D'Artagnan eta Cyrano de Bergerac gaskoiak zirela gogoratzen dira.


Baionako karriketan poeta gaskoien omenez eskainitako plakak aurki ditzakegu.
Iraganaren kontu bat dela pentsatzen dute gehienek, oro har.

Egia esanez, Ipar Euskal Herrian euskaldunen eta gaskoien arteko muga ez da inoiz batere zehatza izan, zeren muga linguistikoa baitzen, eta ez lurraldekoa.

Euskal Herriari dagokion lurraldean gaskoiera hitz egiten da: Aturrialdean.
Gaskoniari dagokionean ere euskara hitz egiten da: Oloronaldean, Eskiulan.

Gaur egun, abertzaletasunetik euren kultura eta historia uko egin dizkiegu gaskoiei, herri milenarioaren lelopean antzinako euskal herri handiaren mitoak ez dio Gaskoniari lekurik uzten: "han, lehen, euskaldunak omen zeuden; orain, berriz, gabatxoz jendeztatu da".
Ironikoki, gabatxo hitza bera gaskoieratik dator.

Pabe, Bokale, Bordele, Akize... Gaskoniako zenbait hirik euskaraz izen bereziak dauzkate, gaskoiera zaharretik hartuak.

Euskarak, mailegu erromantzez josita, gaskoierari askok zor dizkio:

mespretxu, hornitu, abiatu, solairu, masaila, pitzara, beira, saiatu, ostatu, sarraila, bailara, kai, txistera, ganibet, sasoi, ausarta, herdoil, harrapatu, kausitu...


Halaber, xarnegoak deitzen zieten euskaldunen eta gaskoien artean osatutako familiei, sarritan Aturri ibaiaren aldean.


Ipar Euskal Herritarrentzat, Bordele euren hiri nagusia da; Akitaniako hiriburua izanez, hara begiratzeko joera daukate.


Eta ez al zen Akitania euskal herri zaharraren lurraldea izan?
Han topatu ziren euskararen antza zeukaten lehenengo hitzak.

Akitania hitzatik Guiana hitza datorkigu, Hego Amerikan Frantziak daukan kolonia bezala.

Izan ere, euren neurriak kontuan hartuta, Euskal Herri atlantikoarra Bilbo eta Bordele hirien artean kokatzen da, hauexek dira hiri garrantzitsuenak euskal herritarrentzat, batzuek Bilbora begira, besteek Bordelera, ez dago parean jar daitezkeen beste hiririk.
Iruña, ostera, hego-hegoaldean (erditik zeharkatzen duten mendien beste isurialdea) daudenentzako hiria daukagu, bere garrantzi historikoa ez ahantziz.


Nire etorkizuna Bordelen ei datza.
Estatu espainiarretik ihesika, Garonako porturaino eraman nazakete geroaren haizeek.



Bisitaren bitartean, kale bordelesetan ibiliz, kutsu britainarra igarri nion hiriari.
Zeharo galanta eta xarmaduna, zalantzarik gabe.
Era berean, Frantzian eta Erresuma Batuan soilik topatzekoak diren etxe motak behatu nituen, Espainian seguruenik ez daudenak.



Bere aire freskoak eta giro alaiak ilusioa piztu zidaten, nolanahi ere.

No comments: