2011-02-08

Bilbao - Tokyo - Bilbao

BLOG BERRIAREN LEHENENGO SARRERA: ASIAREN NONDIK NORAKOAK


Dakigunez, Europan aniztasun kulturala nabaria da eta mugen gainetik zabaltzen dira hizkuntzak, gizarteak eta musikak…

Hain txikia izan arren, Europan, inperio historikoez aparte, denetarik dago. Herri baztertuak, gurea bezalakoak, nonahi daude, Espainian zein Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Finlandian, Grezian, Suitzan edo Errumanian.

Asian gauza bera gertatzen da, maila altuago batean, baina.

Gero eta alde handiagoak auzoko herrien artean, gero eta dibertsitate handiagoa, hizkuntza familia gehiago, arraza eta kolore gehiago, etab.

Horrek ikaragarri erakartzen nau, eta holako bidaia egitea bururatu zitzaidan, urtebete batean kultura horiek guztiak ezagutzeko aukera edukitzea zorte ederra izango litzatekeelakoan.

Ez dago zertan galdetu, motxilero moduan bidaia egingo dut eta.

Euskal Herritik zuzen irtenda, Mendebaldeko Europako lurraldetatik igaroz, trenak eramango nau Moskuraino.

Europako hiriburuak (Londres, Paris, Berlin) zeharkatu eta gero Ekialdeko Europarantz joko dut.

Polonian, non lehenago inoiz egon ez naizen, Varsovia eta Krakovia bisitatuko ditut, eta agian hurbil dagoen Eslovakian bueltatxo bat emango dut.

Azkenik, Ukranian emango ditut Errusiarako pausuak.

Errusian bertan, Moskutik Vladivostokera doan trena, transiberianoa deritzona, hartuko dut, hemen eta hor geldiuneak egiten.

Vladivostoketik itsasontzi batek Errusiaren Pazifikoko kostaldearen eta Japoniaren arteko zerbitzua betetzen du.

Berehala Tokio azalduko zait Japoniaren ekialdeko itsasertzean.

Benetan dagoen distantzia, lur eta itsaso kilometro bakoitza, gorputzean nabaritzea… hori pentsamendu itzela! Bilbo eta Tokio ez daude elkarrengandik hain urrun, hori badirudi ere.

Mundu ñimiño honetan, sarritan uste ditugun alde handiak ez dira hainbesterakoak.

Jakina, itzulerako bidaia joatekoa baino askoz luzeagoa izango da. Nolabait muturreko helmuga da Tokio, eta ez du esan nahi bidaiaren erdian egongo naizenik, horrezkero jada etxetik hurbilago egongo naiz baizik.

Japoniatik Hego Koreara, eta handik Txinara.

Txina herri erraldoia da, kontinente oso baten modukoa, eta hor nahiz Indian emango dut denbora gehiena, bi hilabete bana kasik.

Mongolia ere gustuko izango nuke bisitatzea, iparreko Txinatik ihesalditxoa egiterik egongo balitz.

Hurrengo geralekua Indotxina: Tailandia, Vietnam, Laos, Cambodia eta Birmania.

Hortik Txinara berriro Nepalera eta Indiara iristeko.

Kontinente indiarran egon ostean, Txinan zehar Erdialdeko Asiara ailegatuko naiz: Kyrgyzstan, Tajikistan, Uzbekistan eta Turkmenistan.

Azken zatia Iran, Kaukasoa (Azerbaijan, Georgia eta Armenia) eta Turkia izango dira.

Istanbulen gurutzatuko dut Asia eta Europa banatzen dituen itsasartea.

Hauxe da ibilbide osoa.

Bilbotarrontzat gure mundu osoa Bilbon hasi eta Bilbon bukatzen den moduan, horrela egingo du bidaia honek, era biribilean.

Ttipi-ttapa, pixkanaka Asiara hurbilduz joango naiz hilabete honetan zehar, eta udaberrirako hondoraino sartuta egongo naiz: Japonia, Hego Korea, Txina.

Tartean abenturak, pasadizoak eta mota guztietako gertakizunak jasoko ditut.

Horren guztiaren berri hemen izango duzue.

No comments: